viernes, 28 de octubre de 2011

ABANGOARDIAKO ARTEAREN NONDIK NORAKOAK


“Abangoardia” kontzeptuak historialari batzuei hutsegiteak sortarazten dizkie, beraz esamolde hori arretaz aztertu behar da. Jakintzagai guztietan
aurkitzen da kontzeptu hau, baina bakoitzean bere mugak,ezaugarriak eta baldintzak ditu. Horrexeagatik jakintzagaiaren arabera sakonki aztertu beharra dugu, eta noski, artean bere ezaugarri zehatzak ditu. Adibidez,zentzu desberdinak hartzen dituzte abangoardiei dagokienez, musika politika eta artearen arloek.
Arteari dagokionez, abangoardiak dira XIX. mendearen amaieratik 30. hamarkadaren bitartean garatu ziren joera artistiko desberdinak. Egoera horretatik “modernitatea” terminoa sortzen da, eta era horretan abangoardiak eta modernitatea elkartu ziren, garaiko artearen historia ulertzeko.

Abangoardiak, ohiko formak, imajinak eta errepresentazioak apurtzen dituen aldaketa bezala ulertzen dira, modernitatea eraikitzeko eta mintzaira artistiko berria sortzeko asmoz. Abangoardiekin, errealitatearen imitazioak indarra galdu zuen objetibitatean oinarritzen ez den beste errealitate bat lortu nahian. Izan ere, Aro klasikoan, artista ona esku ona zuena zen, inguruko errealitatea hobeto kopiatzen zuena.
Hitz batez, esan daiteke abangoardien lorpen garrantzitsuena formaren eta kolorearen iraultza izan zela.
Beste mintzaira artistiko bat sortu zen eta formaren eta kolorearen aldetik erradikalismo bat bultzatu zen artearen ohiko errepresentazioa zalantzan jarriz.

Iragan edo tradizioan ez zegoena irudikatu nahi izan zuten, adibidez, forma abstraktuak, kolore anormalak, gorputz-deskonpozioak eta abar. Artistek plano praktikoetan eta teorikoetan, pinturan, eskulturan, zineman, grabatuan egin zuten lan. Haiek sortutako artelanek askatasun artistikoa islatu zuten, abangoardiako artearen historia finkatuz. Mintzaira artistikoaren arabera, modernitatean edo klasizismoan mugitzen garen jakingo dugu eta zentzu honetan modernitate barruan sartu gara.

Garai honetan, XX.mendean, orijinaltasuna eta berriztapena artelana aztertzeko oinarrizko kriterio nagusi bilakatu ziren. Hurrengo ezaugarriak aurkezten ditugu: Berpizkundeko perspektiba hautsi zen; izadia irudikatzeko edozein koloreren erabilera; abstrakzioa; pigmentoen ordez material berriak… Adibidez, kubismoan, futurismoan eta dadaismoan erabilitako paper itsatsiak, egurrak eta argazkiak; prozesuari arreta; objektu gutxietsiak eta hondakinak erabiltzea eta hautatzea; material galkorrak eta iragankorrak onartzea.

Eskulturaren aldetik, iraganean ordura arte erabili ez zituzten teknikak eta materialak agertu ziren: altzairua, burdina, plastikoa, eta abar; abstrakzioa....

miércoles, 19 de octubre de 2011

ARTE HEZKUNTZAREN GARRANTZIA

Arte pastikoak eta musika Derrigorrezko Hezkuntzako curriculumean sartuta egon arren, askotan ez zaie behar besteko garrantzirik ematen.Denbora pasa bezala hartu ohi dira, eta horregatik askotan ikasleek ez dituzte serio hartzen.
Gainera, nagusitzen joan ahala, artearekin zerikusia duten ekintzak eta jarduerak baztertu egiten dira eta garrantzi handiagoa ematen zaie beste jakintza batzuei, jakintza matematiko, zientifiko eta linguistikoari hain zuzen ere.
Hau garrantzitsua izan arren, ezinbestekoa iruditzen zait eskolan arte hezkuntza bere osotasunean lantzea. Ez da marrazkiak egitera eta denbora pasatzera mugatu behar, egindakoa interpretatu eta aztertu egin behar baita.
Gainera, arte hezkuntzaren bidez honako gaitasun hauek landu ditzakegu besteak beste:

Sormena
Irudimena
Pertzepzioa
Sentikortasun estetikoa
Mugimendua
Norberaren adierazpena
Pentsamendu kualitatiboa
Ikuspegi kritikoa
Norberaren autonomia

Gaur egun, irudiaren kulturak eta informazioaren eta komunikazioaren teknologiek berebiziko garrantzia dute gizartean, eta elkarren osagarri dira. Gure kulturan, adierazpideek eta hedabideek ikus-elementu eta ikono ugari sortu eta zabaltzen dituzte. Horregatik, irudiak aztertzen eta ulertzen jakiteak lehen ez bezalako garrantzia du. Balio estetiko hutsetik prestakuntzaren beharrizanera igaro gara. Hala, arte-hezkuntza sendo eta koherentea lortzea ezinbesteko da pertsonaren garapen integralerako, lagungarri baita nortasun osoa eta orekatua eratzeko.

Ikuspegi horretatik, plastika-hezkuntza lagungarri izan behar zaie ikasleei, mezuak irakurtzeko, hartzaile gisa jokatzeko, kodeak identifikatzeko eta esanahiak interpretatzen hasteko, eta irudiekin zein ikonoekin moldatutako mezuak kritikoki aztertzeko. Irudia hautematea ez da soilik errealitatea islatzen duten elementuak ikustea; komunikazio-ekintza ere bada, eta ekintza horretan, irudia hautematen duen pertsonak aldez aurreko esperientziak gogoratzen ditu.

Haurrek ikus-ingurua ondo ulertzeko, hezkuntzan esku hartu beharra dago. Idazten eta hitz egiten hasi baino lehen ere, haurrek inguru natural eta kulturaleko pertsonen (aita, ama, familia osoa... ) eta gauzen (etxea, mendiak, ibaia... ) marrazki eskematikoak egiten dituzte. Beren burua eta ingurua ulertzeko balio diete irudi horiek, eta adierazteko eta komunikatzeko ere baliagarri zaizkie.